eguzki-instalazio termiko

1. Ingur./Teknol.

Eguzki-erradiazioaren beroa berokuntzarako, etxeko ur beroa lortzeko edo prozesurako zein elektrizitatea ekoizteko ur-lurruna lortzeko darabilen instalazioa. Hiru motatakoak izan daitezke: tenperatura apalekoak (<100 °C, girotzeko eta etxeko ur beroa lortzeko), erdi-mailako tenperaturakoak (100-300 °C, berokuntzarako, ur beroa edo prozesurako lurruna lortzeko edo elektrizitatea ekoizteko) edo tenperatura altukoak (> 300 °C, prozesurako ur-lurruna lortzeko eta elektrizitatea ekoizteko).

Eguzki-kolektore zapala
Eguzki-kolektore zapala

1. Ingur./Teknol.
Eguzki-erradiazioaren beroa berokuntzarako, etxeko ur beroa lortzeko edo prozesurako zein elektrizitatea ekoizteko ur-lurruna lortzeko darabilen instalazioa. Hiru motatakoak izan daitezke: tenperatura apalekoak (<100 °C, girotzeko eta etxeko ur beroa lortzeko), erdi-mailako tenperaturakoak (100-300 °C, berokuntzarako, ur beroa edo prozesurako lurruna lortzeko edo elektrizitatea ekoizteko) edo tenperatura altukoak (> 300 °C, prozesurako ur-lurruna lortzeko eta elektrizitatea ekoizteko).

Eguzki-instalazio termikoa Edit

Egilea: Elhuyar

EGUZKI-INSTALAZIO TERMIKOA

Eguzki-energia termikoa ustiatzeko sistemak aktiboak edo pasiboak izan daitezke. Sistema pasiboak arkitektura bioklimatikoaren arloan aztertzen dira (arkitektura bioklimatiko). Horren helburua da eraikinaren errendimendu termikoan eragina duten alderdiak aztertzea, hala nola etxearen orientazioa, materialek berotasuna hartu eta gordetzeko duten egokitasuna, airearen zirkulazioa, erlaitzek udan ematen duten babesa eta abar.

Eguzki-sistema aktiboetan, berriz, fluidoa erabiltzen da eguzki-erradiazioaren beroa xurgatu, metatu eta banatzeko eta horrek bi erabilera ditu eskaintzen ditu: a) zuzenean erabiltzea, etxebizitza, eraikin, instalazio edo industria-prozesu baten ur beroaren beharrak asetzeko; eta b) bero-trukagailu baten bidez lurruntze-puntu baxuko likido bat gas bihurtu eta turbina bati eragiteko erabiltzea.

Ura beroa lortzeko eguzki-sistema aktiboak

Eguzki-energia termikoa ustiatu nahi duen sistema batek hiru egiteko hauei aurre behar die: a) eguzki-erradiazioa energia termiko nola bihurtu; b) erabiltze-tokira nola eraman; eta c) nola metatu, produkzio-unea eta erabiltze-une ez baitatoz beti bat. Hortaz, hauek dira funtsezko osagaiak:

  • Eguzki-erradiazioaren beroa jasotzeko sistema, hau da, kolektorea.

  • Berotzen den fluidoaren zirkulazioa.

  • Bero-energiaren metaketa.

Eguzki-kolektorea

Kolektorea da eguzki-erradiazio jaso eta energia termiko bihurtzen duen gailua. Bi kolektore-mota nagusi daude:

  • Kolektore zapala: beirazko edo plastikozko estalkia duen kaxa isolatu bat da, eta estalki horren azpian bero-xurgatzailea dago, metalezko, eskuarki kobrezko, xafla iluna izaten dena. Metalak erradiazioa xurgatzen du eta berotu egiten da, eta beroa hodietatik ibilarazten den fluidoari (aire edo likidoari) ematen dio. Estalkiak eguzki erradiazioari sartzen uzten dio; ez, ordea, ateratzen. Berotegi-efektuaz era baliatzen da, beraz. Izan ere, xaflak zuzenean xurgatzen ez duen erradiazioaren partea, islatzean, uhin-luzera handiko erradiazio bihurtzen da, eta ez da beira kanporantz zeharkatzeko gai. Erradiazio horrek kolektorearen tenperatura handitu egiten du eta, beraz, islatutako parte hori ere ura berotzeko erabiltzen da.

grafikoak1

Eguzki-kolektore zapala (iturria: EVE-EEEren Energiaren Hiztegi Entziklopedikoa)

  • Huts-kolektorea: barnean hutsa egin zaion beirazko hodia da eta horren barnetik ibilarazten da berotu beharreko fluidoa. Beirazko hodiak inguruan metalezko xafla kontzentratzailea eduki ohi du (maizenik zilindroparabolikoa), inguruetako eguzkia ere hodi horretara zuzentzeko eta, hartara, erradiazio zuzena nahiz barreiatua ahalik eta hobekien baliatzeko.

Fluido berotuaren zirkulazioa

Berotutako ura bitara higiaraz daiteke erabiltze-zirkuituan: grabitatez eta mekanikoki. Lehen kasuan, termosifoizko zirkulazioa erabiltzen da. Beroa metatzen duen andela eguzki-kolektorea baino gorago ipintzen da eta eguzkiak berotutako urak, dentsitate txikiagoa duenez, gora jotzen du, andelera joaten da eta haren behealdean dagoen ur hotzagoari eguzki-xaflaren behealderantz bultza egiten dio. Honela sortzen den ur-zirkulazioari esker, ura gero eta gehiago berotzen da.

Zirkulazio-modu hori instalazio txikietan erabiltzen da. Instalazioa handixeagoa denean, zirkulazio behartua erabiltzen da, hau da, zirkulazioa eragiten duen ponpa txiki bat ipintzen da. Gainera, argitasun-detektagailuak eta termostato diferentzialak erabiltzen dira ura aukeren eta beharren arabera automatikoki berotzeko. Bestetik, batzuetan, zirkuitu bakarra erabili beharrean, bikoitza erabiltzen da: batetik eguzki-zirkuitua, primarioa; eta bestetik etxeko ur beroarena, sekundarioa.

grafikoak2

Zirkulazio behartuko zirkuitu itxiko instalazioa (iturria: EVE-EEEren Energiaren Hiztegi Entziklopedikoa)

Beroa metatzea

Eguzkitiko berotasuna etxeko ura berotzeko, berokuntzarako, igerilekua berotzeko, hainbat industria-prozesutarako eta abarretarako erabil daiteke. Berokuntzarako, igerilekua berotzeko edo industrian erabiltzen dugunean, ez dago inolako arazorik energia hori eguzkiak eman ahala zuzenean erabiltzeko. Etxeko ura berotu behar denean, ordea, produkzio-garaia eta kontsumo-garaia ez dira bat etortzen eta, hortaz, metatu egin behar da eguzkiak berotutako ura. Maizenik, altzairuzko ontzi ongi isolatuak erabiltzen dira ur beroa biltegiratzeko.

Elektrizitatea ekoizteko eguzki-sistema aktiboak

Energia elektrikoa lortzeko eguzki-erradiazioaren bero-energia darabilen zentral elektrikoari eguzki-zentral termoelektriko edo zentral heliotermiko deritzo. Hau lortzeko, beti erabiltzen da nolabaiteko kontzentrazio-sistema, dela heliostatoen bidezkoa (eguzki-dorreetan), dela kolektore kontzentratzaile paraboliko edo zilindroparabolikoen bidezkoa. Berotutako urak edo olioak turbina-sorgailu multzoari eragiten dio, eta horrela lortzen da energia elektrikoa.